2013-01-30

LEHEN HEZKUNTZAN...

Gure Lehen Hezkuntzari buruzko gogoeta bat egiterakoan eta zenbait galderei erantzun ondoren, hainbat gauza amankomunean genituelaz ohartu ginen.



Ikaskuntzari dagokionez, lehen zikloan, denok irakasle bakarra genuen eta irakasgai guztiak ematen zituen, gorputz-heziketa, ingelesa eta musika ez ezik. Irakasleek taldeko lana bultzatzen zuten ikasleen artean harreman berriak sortzeko eta ikasle guztiek ezagutza berdinak jasotzea eta tratu bera izatea bilatzen zen. Bigarren eta hirugarren zikloan, irakasle gehiago genituen eta irakasleek azalpen gehiago ematen zizkiguten azterketei begira.

Ikasleek lehenengo kurtsoetan ez gintuzten azterketen bidez ebaluatzen, gure gaitasunen arabera baizik. Notak jartzerako orduan, zenbaki batekin puntuatu ordez, ongi, oso ongi edo bikain antzeko hitzak erabiltzen zituzten eta nota hauek hiru hilabetero jasotzen genituen; gainera, jarrera eta parte hartzea eragin handia izaten zuten notak jartzerako orduan. Kurtsoak aurrera joan ahala, irakasleek azterketen bidez ikasleak ebaluatzen hasten ziren eta lehenengo suspentsoak agertzen ziren; eta honen ondorioz, irakasle-guraso bilerak areagotzen hasi ziren.

Baliabideei dagokienez, lehenengo urteetan, ikasleok fitxen bidez bereziki, ariketak egiten genituen. Hasieran hatzekin margotzen genuen eta puntzoiaren bitartez gauzak mozten genituen; baina zenbait urte pasa ondoren, margoak eta guraizeak erabiltzen hasi ginen, motrizidade finaren garapena zela eta. Gainera, ikasgaiak gero eta konplexuagoak zirenez, irakasleek zenbait tresna edo baliabide eskaintzen ziguten; abakoak, kaligrafiazko liburutxoak edo mapak esaterako.
Klaseak nahiko txikiak egiten ziren, gehienez 25 ikasle zeudelako. Nahiz eta klaseak ordu bat baino gutxiago iraun, denbora egokia zen materia emateko. Eskola gune desberdinetan banatuta zegoen: alde batetik, irakaskuntzarako edo idazkaritzarako eraikinak zeuden; eta bestetik, jangela, jolastokia eta gimnasioa.

Urte hauetan gure hezkuntzarako ezinbestekoak diren gauza garrantzitsu asko ikasi genuen, hala nola: diziplina (irakaslearekiko eta kideekiko errespetua), harremanen garrantzia, irakurtzen, idazten, ondo hitz egiten, batuketak, kenketak, biderketak edo zatiketak egiten.

Amaitzeko, esan beharra daukagu, Lehen Hezkuntzan, bizitza osorako erabilgarriak izango zaizkigun oinarriak ikasi genituela eta eskola desberdinetatik etorri arren, denok antzeko haurtzaroa bizi izan dugula.


0 comentarios:

Publicar un comentario