2013-02-09

Gaitasunak


Bi hezkuntza gaitasun mota aurki ditzakegu: Alde batetik, Hezkuntza Gaitasun Orokorrak; eta bestetik, Oinarrizko Gaitasunak. Beraz ondorengo gaitasunak bereizi ditzakegu:




HEZKUNTZA GAITASUN OROKORRAK:

1.- Arduraz eta autonomiaz bizitzen ikastea, eta, zehazki, nork bere burua ezagutzen ikastea, norberaren buru-osasuna eta osasun fisikoa zaintzen ikastea eta ohitura osasuntsuak hartzea.
2.- Ikasten eta pentsatzen ikastea, eta informazioa interpretatzea, sortzea eta ebaluatzea.
3.- Hizkuntza ofizialetan, eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean hitz egiten ikastea.
4.- Elkarrekin bizitzen ikastea, eta, berariaz, harreman positiboak izaten eta, gatazka-egoeretan, elkarrizketara eta negoziaziora jotzen ikastea.
5.- Pertsona gisa garatzen ikastea, norbera izanda, eta emozio negatiboak kontrolatzea eta nork bere burua modu positiboan eta errealistan balioestea.
6.- Egiten eta ekiten ikastea, erabakiak eta ardurak hartzeko ekimena izatea.

OINARRIZKO GAITASUNAK:

1.- Zientzia, teknologia eta osasun kulturarako gaitasuna.
Ingurune fisikoarekiko harremanei erreparatzen die gaitasun honek, eta, berariaz, ingurune fisikoaren natura-alderdiei eta gizakien ekintzaren ondoriozko alderdiei.

2.- Ikasten ikasteko gaitasuna.
Gaitasun honek honako xede hau du: alde batetik, bizitzaren eta giza jardueren euskarri den espazio fisikoa behar bezala hautematea eta bestetik bere barnean hartzen ditu inguruko espazioarekiko harremanak, hala nola espazioan mugitzea eta espazioko objektuekin eta objektu horiekiko kokapenarekin lotutako arazoak konpontzea.

3.- Matematikarako gaitasuna.
Zenbakiak, horien oinarrizko eragiketak, matematika-sinboloak eta matematikako adierazpen eta arrazoitze moduak erabiltzeko eta lotzeko trebetasuna da. Informazioak, datuak eta arrazoibideak argi eta zehaztasunez interpretatzeko eta adierazteko trebetasuna da gaitasun honen adierazpenetako bat.

4.- Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
Gaitasun honen funtsa hizkuntza erabiltzea da, ahozkoa zein idatzizkoa. Gaitasun honi dagozkion jakintzek, trebetasunek eta jarrerek bide ematen dute pentsamenduak, emozioak, bizipenak eta iritziak adierazteko, elkarrizketan aritzeko eta iritzi kritikoak eta etikoak osatzeko. Komunikatzeko eta elkarrizketan aritzeko, harreman eta lotura eraikitzaileak sortu behar dira pertsonekin eta ingurunearekin.

5-. Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
Informazioa bilatzean, lortzean, prozesatzean, komunikatzean eta informazio hori jakitate bilakatzean datza gaitasun hau. Informazioa bilatzea, hautatzea, erregistratzea, tratatzea eta aztertzea eskatzen du gaitasun honek, eta, horren barruan, teknika eta estrategia egokiak erabiltzea informazio hori eskuratzeko, informazio-iturriari eta erabilitako informazio-euskarriari erreparatuz.

6-. Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
Gaitasun honek aukera emango dio ikasleari zer gizarte-errealitate bizi duen ulertzeko, lankidetza-jarduerak egiteko, bizikidetza lantzeko, eta herritartasun demokratikoa gizarte plural batean erabiltzeko. Gizartea hobetzen laguntzeko konpromisoa hartzeko aukera emango dio gaitasun honek. Gaitasunaren funtsa, oro har, gizartean parte hartzea da.

7.- Giza eta arte-kulturarako gaitasuna.
Gaitasun honek berekin dakar kultura- eta arte-adierazpenak ezagutzeko, ulertzeko, balioesteko eta ikuspegi kritikoz baloratzeko gaitasuna. Gaitasun hau lantzeko, pentsamendu konbergenteak eta dibergenteak erabili behar dira, giza eta arte-kulturarako gaitasunak hau eskatzen baitu: norberaren eta beste pertsona batzuen ideiak eta sentimenduak berregitea; gauzak ulertzeko eta adierazteko iturriak, moduak eta bideak aurkitzea; eta emaitza pertsonalak nahiz akademikoak lortzeko prozesuak planifikatzea, ebaluatzea eta doitzea.

8.- Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.
Gaitasun honek eskatzen du, alde batetik, elkarrekin lotutako zenbait balio eta jarrera pertsonalen kontzientzia izatea eta horiek aplikatzea: ardura; irmotasuna; nork bere burua ezagutzea eta autoestimua izatea; sormena; autokritika; kontrol emozionala; hautatzeko, arriskuak kalkulatzeko eta arazoei aurre egiteko ahalmena izatea; eta berehala asebetetzeko premia atzeratzeko, akatsetatik ikasteko eta arriskuak hartzeko ahalmena izatea. Ideiak ekintza bihurtzean datza; hots, helburuak finkatzea eta proiektuak planifikatzea eta aurrera eramatea.

0 comentarios:

Publicar un comentario